XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

X. kapitulua

Baitu / bait-du / bait du

Bait partikula (beit zuberoeraz, testu zaharrenetan izan ezik) aditz laguntzailearen edo trinkoaren aurre aurrean kokatzen da.

Iparraldeko tradizioan eta Hegoaldeko Nafarroako testuetan, zenbait salbuespen baztergarri alde batera utzirik, aditzari atxikirik agertzen da beti, lehenengo testuetatik gaurdaino.

Sartaldean, bait gutxiago erabiltzen da, baina aski ohizkoa da XVIII. mendeaz gero literatur gipuzkeran eta mende honetako zenbait idazle bizkaitarrengan; bai aldaera batez ere mende honen lehen erdian erabili zen, mendebalean noski.

Mendebaleko testu zaharretan bait atxikirik agertzen da Mendiburu eta Ubillosengan, baina marratxoz loturik Iturriagarengan eta berezirik Iztuetarengan.

Dena dela bait atxikirik agertzen duten agerraldiak nagusi dira, alde handiz XIX. mendearen bigarren erdialdean.

Mende honetan ere 1900-1970 epean bait atxikia da sartaldean gehien erabiltzen dena: Orotariko Euskal Hiztegia-ko datuetan, 1900-1950 epean, bait atxikiaren 653 agerraldi daude, 10 bait bereziarenak eta 34 bait marratxodunarenak, eta 1950az geroko testuetan, 1161 bait atxikiarenak, 390 bait marratxodunarenak eta 93 bait bereziarenak.

Ikusten denez, bait berex idaztea guztiz berria da (azken 25 urteotako kontua batez ere) eta Hegoaldeari soilik dagokiona.

Gainera, idazkera berri horrek ez du usadio zaharra baztertu Hegoaldean, bait atxikia ere ikusten baita, batez ere ereduzko idazleen artean.